XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Miguel Indurain, ziklista baten bihotza urrezko bihotza duen txirrindulari txapeldunaren historia da.

Behe-behetik hasita txirrindularitzaren zoko-miko guztiak pasa ondoren iritsi da gaillurrera.

Lasterketa handienetan parte hartuz ikasi eta irabaztera ere iritsi da.

Miguel Indurain pertsonaia berezi bihurtuko zaigu, diruaren morroi bihurtu garen mundu superprofesionalizatu honetan.

Indurain beti leial mantendu da, bai bere bizierari dagokionez eta baita bere printzipio eta bere hasierako erakusleei dagokienez ere.

Zaletuen artean Indurainen kiroltasunak oihartzun berezia sortzen badu ere, zer esanik ez bere gizatasunak.

Txirrindularia baino gehiago da, bost itzuli handi jarraian irabazi arren, hankak lurrean, bere horretan, segitzen duen gizona.

Denboraldi hasieran ez du inolako eragozpenik izaten besteei laguntzeko, gurditik (tropeletik) tiraka aritzeko eta gainera bere lagun horien lana eskertzeko.

Oraindik ere luze eta emankorra izango den bere kirol bizitza moldatuko duten hainbat xehetasun aurki dezakegu bere bizitzan.

Horrek garbi erakutsiko digu gure artean izan dugun kirolaririk onenetarikoaren gizatasun maila.

Gelako bakardadean berarengandik hurbilena ibiltzen direnek inoiz ez dute bere kexarik, ez entzun ez eta ikusi ere.

Jarrera honek badu bizikleta gainean beste aurpegi bat, 250 kilometro eginez zazpi mendate pasa ondoren sufrimendurik nabari ez zaion gizonarena hain zuzen.

Inoiz, Jose Miguel Etxabarri eta Eusebio Unzuek, bere zuzendariek, sufritzen dakien Indurain gizona aipatu izan dute: Gehiago eskatu eta badakizu eman egingo duela.

Sufritzen du, asko gainera, baina ez zaio askorik igartzen.

Miguel Indurain kanpoaldera gutxi hunkitzen dela dirudi, negar barrualdera egiten du.

Austrian jokatu zen munduko txapelketan, 1987an, Villach hirian, Jabier Minguez hurbildu zitzaion nafarrari eta berrogeita hamar milioi eskaini omen zizkion, dirutza handia garai hartan.

Miguel Indurainen erantzunak harrituta utzi omen zuen: Hori diru asko da, ezta?.

Miguel Indurain, gure ziklismoaren historian, kasu berezia, bakarra da.

Txirrindularitza uzten duenean palmares paregabea izango du.

Pertsona berezia da, gizon puska bat, bere hastapenetako lema oraindik ere baztertu ez duena: Ahalik eta egokien egiten saiatzen naiz; irabazten badut, hobe, eta bestela... ahal dudana egin dut.